Aiarako Kuadrillak, 5 udalekin batera (Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondo), eta AEKO Laudio, Amurrio eta Artziniegako merkatarien elkarteen federazioaren eta Zabaia Landa Garapenerako Elkartearen babesarekin, “Hemen ez dugu elikagairik xahutzen” sentsibilizazio-kanpaina jarriko du abian. Kanpaina hau Aiaraldeko elikagai eta produktu freskoen salmentara dedikatzen diren establezimenduez gain (fruta eta barazki dendak, okindegiak, harategiak, arrandegiak, etab.) HORECA kanalaren barne dauden hotel, jatetxe eta kafetegietan ere, zabalduko da.
Janaria zakarretara botatzeak baliabide naturalak xahutzea dakar, hondakinak sortzea, ingurumen-inpaktuak eta galera ekonomikoak pairatzea, ondorio etikoez gain; izan ere, milaka pertsona gaixotu eta hiltzen dira egunero elikadura eskas eta urritasunaren ondorioz. Hala ere, Euskadin, soilik elikagaien txikizkako merkataritzan eta HORECA kanalean, batez beste 42,5 kg/pertsona/urteko janaria alferrik galtzen da, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera.
“Elikagaiak xahutzearen aurkako kanpaina hau ezinbestekoa da pertsonengan gogoeta eta ohituren aldaketa sorrarazteko, baita elikagaiei etekin hobea ateratzeko moduak bilatzeko ere, aldi berean planetaren zaintza jasangarri eta eraginkor baten aldeko ekarpena eginez”, arbuiatu du Encina Castresana Aiarako Kuadrillako Presidenteak.
Errealitate horri erantzuteko, kanpainak helburu hauek ditu:
- Pertsonako alferrik galtzen den elikagai kopurua erdira murrizten laguntzea gaurtik 2030era -12.3 jomuga, NBEren 12. Garapen Jasangarriko Helburua (ekoizpen eta kontsumo arduratsua) -.
- Eskualdeko nekazaritzako elikagaien sektorean ekonomia zirkularra bultzatzea.
- Herritarrak kontzientziatzea eta haien parte-hartzea eta konpromisoa bilatzea.
- Laster indarrean jarriko den Elikagaien Galerak eta Hondakinak Prebenitzeko Legea betetzea.
Elikagaiak-alferrik galtzearen aurkako etorkizuneko legeak honako betebehar hauek ezartzen dizkie elikatze-katea osatzen duten establezimenduei:
- Galerak eta hondakinak prebenitzeko plan bat egitea, autodiagnostiko baten laguntzaz eta galera eta hondakin horiek minimizatzeko neurriekin.
- Erabilera-lehentasunen hierarkiari jarraitzea, hau da, elikagai-soberakin horiei emango dieten erabilera giza kontsumora zuzendutakoa izango da lehenik, elikagaiak dohaintzan emanez edo birbanatuz, eta ondoren zuku edo marmelada moduko produktuetan eraldatuz. Eta giza kontsumorako egokiak ez badira, animaliak elikatzeko eta pentsuak egiteko, hondakin gisa industria-erabilerarako, konposta edo bioerregaiak lortzeko erabiliko dira.
- Ostalaritza-enpresek bezeroari elikadura-erabilerarako ontzi berrerabilgarriak edo konpostagarriak eskaini beharko dizkiote, lokalean kontsumitu ez dituen elikagaiak eraman ahal izateko.
Gainera, jardunbide egokiak bultzatzea sustatzen da, hala nola sasoiko produktuen, km0-en, produktu ekologikoen, ez-perfektuen edo estetika gutxikoen kontsumoa bultzatzea, bai eta kontsumo lehenetsia edo iraungitze hurbila duten produktuen salmenta sustatzea ere.
Kanpaina honen bidez, kuadrillak laguntza eta aholkularitza eskaintzen die kanpainarekin bat egiten duten establezimenduei, legeak dioenaren arabera, prebentzio-plana gauzatzeko eta bertan ezarritako neurriak ezartzeko. Lehen urratsa egiten laguntzeko pizgarri gisa, Kuadrillako eta udaletako webguneetan eta sare sozialetan atxikitako saltokiei eta establezimenduei ikusgarritasuna emango zaie.
Kanpainaren hasiera abenduko bigarren astean izango da, merkatari eta ostalariei banan-banan informazioa emango duen ingurumen hezitzaile baten bisitarekin. 2022ko lehenengo hiruhilekoan zehar atxikitako establezimenduekin barne-lana egingo da: janari galeren eta hondakinen kuantifikazioa, alternatiba posibleen azterketa, etab. Lehenengo hiruhilabetearen amaieran bi aste emango dira herritarren parte-hartzea eta inplikazioa bilatzeko, beraz, kanpainari atxikitako merkatariek poltsa berrerabilgarriak (fruta-dendek), tuperra (harategiek, arrandegiek, etab.) eta tuper konpostagarriak (ostalaritzak) banatuko dituzte bezeroen artean, baita atxikitako edozein establezimendutan kontsumitzeko 50 euroko 20 baleko zozketan parte hartzeko txartelak ere.
Kanpaina zozketarekin amaituko da, eta ostean horren balorazioa egingo da. Hala ere, espero dugu ekimen hau puntu eta jarraipen bat besterik ez izatea, eta HORECA kanaleko gizarte-eragileen, administrazioaren eta herritarren artean ekintza eta lankidetza berriak bultzatzeko balio izatea. Elikadura-hondakinak prebenitzeak mesedea egiten dio gure poltsikoari, gure kontzientziei eta ingurumenari.