Gaur goizean, Amurrioko Zaraobe Lanbide Heziketako ikastetxeko Arotzeriako eta Altzarigintzako oinarrizko lanbide-tituluko ikasleek eurek sortutako katuentzako 6 janlekuak eman dizkiete Amukatu eta Hirua elkarteei. Elkarte horiek hiri-katuen kontrola eta babesa sustatzen dute Aiara, Amurrio eta Artziniega udalerrietan, hurrenez hurren.
Aiarako Kuadrillak gure eskualdean egindako koordinazio lana, sarean egindako lanaren adibide garbia da, gure udalerriaren eta gizartearen mesederako ezagutza eta materialak trukatzeko sareak ehunduz.
Bi elkarteetako ordezkariak eta Aiarako Kuadrillako presidentea, Encina Castresana, ikastetxera hurbildu dira gaur goizean titulu honetako 8 ikasleek egindako lana eskertzeko. Laster, janleku horiek elkarteek ikuskatzen dituzten ohiko elikadura-guneetan instalatuko dira.

