Pertsona gorren integrazioa hobetzeko eta herritarrak komunikazio inklusiboaren garrantziaz sentsibilizatzeko helburuarekin, Aiaraldeko Kuadrillako Kultura eta Gizarte Ongizate Departamentuak zeinu-mintzairari buruzko ikastaro bati hasiera emango dio irailean Luiaondon.
Proposamenak, bere hirugarren edizioan, aurten bertan otsailean eta martxoan egindako deialdian piztutako interesari erantzuten dio, bertan itxaron-zerrenda zabala sortu baitzen. Hain zuzen ere, eskaera horri esker erabaki da jarduera berriro martxan jartzea kokapen berri horretan.
Laura Fernández Fernándezek, Aiaraldeko Kuadrillako Kultura eta Gizarte Ongizate Arloko arduradunak adierazi duen bezala, “zeinu-mintzairari buruzko ikastaro hau bezalako ekimenekin gizarte inklusiboago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiten jarraitu nahi dugu. Aurreko edizioek izan duten harrera onak agerian jartzen digu herritarrek benetako interesa dutela pertsona gorrek beren eguneroko bizitzan oraindik ere aurkitzen dituzten komunikazio-oztopoak zeintzuk diren ikasi eta ezabatzeko. Kontua ez da soilik komunikazioari buruzko oinarrizko nozioak eskuratzea, baizik eta aukera-berdintasunerantz pauso sendoak ematea, horrela enpatia eta elkar ulertzea sustatuz. Aiaraldeko Kuadrillatik uste dugu kulturak eta gizarte-ongizateak ere topaguneak eta partekatutako ikaskuntzarako guneak sortu behar dituztela. Horregatik, honelako ekintzak bultzatzen jarraituko dugu, zeinekin prestakuntza emateaz haratago, sentsibilizatzen eta herritartasun inklusiboagoa, irekiagoa eta solidarioagoa eraikitzen laguntzen den.”
Zeinu-hizkuntzekiko lehen hurbilketa izaten bada ere, parte-hartzaileek oinarrizko baliabideak eskuratzen dituzte elkarrizketa txikiak mantentzeko, eguneroko zalantzak argitzeko eta pertsona gorrek gaur egun ere gizartean erabat parte hartzea eragozten duten oztopoak kentzen laguntzeko.
Horrela, ikastaro honek bat egiten du erakundeak bultzatutako beste ekintza batzuekin, esaterako aukera berdintasuna, gizarte-kohesioa eta herritar sentsibilizatu, inklusibo eta solidarioak eraikitzearen aldeko beste apustu batekin.



