Atzo amaitu zen Aiarako Biraren XXXIV. edizioa, Aiaraldea 6 etapatan zeharkatzen duen txirrindularitza-proba, kadete mailakoa, Aiaraldeko Kuadrillaren finantzaketa duena. Hugo Muñoz izan zen Aiarako Biraren XXXIV. edizioaren irabazlea igande honetan, kadete-mailan. Norinver-Impalag taldeko txirrindularia sailkapen nagusiaren buruan jarri zen Laudion jokatutako bigarren etapan eta, geroztik, maillot horiari eustea lortu du ondorengo lau jardunaldietan.
Aiaraldeko Kuadrillako lehendakaria den Encina Castresana Astarloak eskerrak eman dizkie txirrindularitza-proba hau posible egiten duten guztiei, zoriontzearekin batera: “Aiaraldeko Kuadrillaren izenean zorionak eman nahi dizkiogu Hugo Muñozi, Aiarako 2024ko Biraren irabazlea izan denari. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu aurten proban parte hartu duten korrikalari, teknikari eta entrenatzaile guztiei, gure eskualdea kolorez janzteagatik eta mapan kokatzeagatik. Eta ezin dugu antolakuntza ahaztu. Beti bikain, inplikatuta eta arduratsu. Eskerrik asko!”.
Estatuko 35 taldetan banatutako 200 korrikalari gaztek hartu dute parte 256,64 kilometrotik gorako proba ospetsu honetan. Elkarren segidako hiru asteburutan antolatu da, eta lehiaketak honako udalerri hauek zeharkatu ditu: Aiaraldea, Okondo eta Laudio (martxoaren 9an eta 10ean), Arespalditza, Orozko eta Menagarai (martxoaren 16an eta 17an) eta Artziniega eta Amurrio (martxoaren 23an eta 24an). Aurreko urteetako arrakasta ikusita, txirrindulariek 21 gain puntuagarri igo dituzte eta tarteko 10 esprintetan lehiatu dira.
Proba 1990ean hasi zen, eta kadete mailako lehiaketa nagusia izatera iritsi da. Aukera paregabea da kirolaren bidez eskualdea inguratzen duen paisaia ikusgarriaz gozatzeko. Eskualdeko txirrindulari-elkarteak arduratzen dira nazioko kirol-ekitaldi arrakastatsu hau antolatzeaz.




