Aiaraldeko Kuadrillako Ingurumen Saila, Muskerrak Ingurumen Elkartearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, natura ezagutzeko eta kontserbatzeko proiektu bat gauzatzen ibili da, gure eskualdeko anfibioetan oinarritua. Muskerrak elkarteak aurretik egindako ibilbide luzeko proiektu horri esker, anfibio-populazio horien egungo egoera ezagutzea ahalbidetzen digu eta, besteak beste, igerilekuek animali hauen bizirautean sortzen duten arriskua murrizteari lotutako kontserbazio-ekintzak zehaztu ahal izango ditugu. Horretarako, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak emandako dirulaguntzari esker, bi urmael sortu dira Aiaran eta Artziniegan, hurrenez hurren Ibaguen eta Artziniega kirol-eremuetan.
Urmael horiek, udalerri bakoitzeko udal-igerilekuen inguruan egoteaz gain, Etxaurren Ikastola eta Arteko Gure Ama ikastetxeetatik oso gertu daude, eta hori funtsezko baliabide didaktikoa izango da zientzia-gaitasuna eta ingurumen-sentsibilizazioa ikuspegi praktiko eta berritzaile batetik sustatzeko.
Puntu horretatik aurrera, Kuadrillako Ingurumen Sailak eta haren diseinuan parte hartu duten eragile zientifikoek ildo horretan lan egiten jarraituko dute, “Eskoletako urmaelen sarea” izenekoan integratzeko aukerari helduz. Izan ere, eskola-urmaelek ekosistemak sortzen laguntzen dute, eta ikasleen gaitasun zientifikoa garatzeko tresna bihurtzen dira, laborategi natural gisa funtzionatzen baitute.
Aranzadi Zientzia Elkartearen, Berritzegune Nagusiaren, EHU-ren eta Neiker Fundazioaren elkarlanari esker garatu da Eskola Urmaelen Sarea. Honen helburua da, era berean, ikerketa horien emaitzak lagungarri izatea zentroen egunerokoan, urmaelen erabilera didaktikoa hobetzeko eta zientzia-gaitasunaren irakaskuntza sendotzeko.





