Urtero bezala, eskualdeko hainbat ikastetxe Eskolako Agenda 2030 programa garatzen ari dira. Ikasturte honetan Garapen Jasangarriko 12. Helburua lantzen ari dira: Ekoizpen eta kontsumo arduratsua. Era berean, nabarmentzekoa da joan den ikasturtean 7. GJHa (Energia irisgarria eta ez-kutsatzailea) landu zutela, eta horretan lan egiteko helburuarekin, ikastetxeek, Aiaraldeko Kuadrillarekin batera, Eskualde Mailako lehen Argi itzalketa antolatu zuten.
Ikasturte honetan, pasaden ikasturtean landutakoari jarraipena emateko asmoz, Eskualde Mailako Itzalketa errepikatzea erabaki dute eskolek, eta jarduera datozen urteetan mantentzea dute helburu.
Beraz, datorren martxoaren 20an, osteguna, 19:30etan, bigarren Eskualde Mailako Argi Itzalketa egingo da Laudioko Herriko Plazan, Amurrioko Juan de Urrutia Plazan eta Luiaondoko Gizarte Zentroan. 19:50ak aldera plazako argiak itzaliko dira eta manifestu komun bat irakurriko da 3 tokietan.
Hori dela eta, Aiaraldeko Kuadrillak Klima Aldaketaren aurkako ekimenarekin bat egitera gonbidatzen ditu herritarrak, etorkizun iraunkorragoa eraikitzeko helburuarekin.
Kanpaina Aiaraldeko Kuadrillako Ingurumen Sailak babesten du eta eskualdeko 11 ikastetxe ari dira aktiboki parte hartzen. Era berean, proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren laguntza ekonomikoa du.




