Aiaraldeak berriz ere erakutsi du errefuxiatuekiko duen konpromiso solidarioa, elikagai bilketa kanpaina berri baten bidez. Otsailaren 4tik 7ra bitartean, guztira 1.102 kilo arroz bildu dira, eta horri esker 8.000 anoa baino gehiago prestatu eta banatu ahal izango dira Lesbos uharteko (Grezia) errefuxiatuen kanpamenduan.
Zaporeak-ek bultzatutako ekimenaren helburua bertan garatzen den lan humanitarioari laguntzea izan da, ahultasun bereziko egoeran dauden pertsonei oinarrizko elikadura bermatuz.
“Izugarri eskertu nahi dugu auzokideen inplikazioa, baita kanpaina hau posible egin duten Kuadrillako udal eta pertsona guztien lana ere. Kuadrillatik halako ekimenak babesten jarraituko dugu, irmoki sinesten dugulako lankidetzan eta erantzukizun partekatuan gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzeko”, adierazi du Iñigo Pinedok, Aiaraldeko Kuadrillako presidenteak.



