Arabako Foru Aldundiak %72era bitarteko deskontu progresiboen sistema berria ezarri du hiriarteko foru-garraioan, Alavabusen eta eskualdeko garraioan erabiltzeko. Sistemak modu positiboan saritzen ditu erabiltzaileak, aurreko hilabetean egindako bidaien arabera. BAT txartela pertsonalizatzea ezinbestekoa da deskontuen sistema berri hori eskuratzeko.
Txartel pertsonalizatua guztiz doakoa da, aurretik BAT txartel anonimoa edukiz gero. Txartelik ez badute, interesatuek 5 euroren truke eros ahal izango dute, 2 euroko birkarga eta guzti. Txartela besterenezina da, eta eskuratzeko NAN eta BAT txartel anonimoa aurkeztu behar dira.
Izapidea egitera bertaratu ezin duten erabiltzaileek beste pertsona baten bidez eskatu ahal izango dute, betiere dokumentu orijinala (NAN, AIZ…) eta argazkia aurkeztuta.
Txartelak Vitoria-Gasteizko Antso Jakitunaren kaleko 9an Euskotrenek duen bulegoan egingo dira. Edozein zalantza argitzeko edo informazioa eskatzeko, erabiltzaileak martxoaren lehen hamabostaldian hurbildu ahal izango dira herritarrak artatzeko Laudioko bulegora (martxoak 1, 4 eta 5) eta Amurriko bulegora (martxoak 7, 8 eta 11).




