Joan den ostegunean, irailak 21, Aiaraldeko Kuadrillaren legegintzaldiko (2019-2023) azken Batzarra egin zen, Encina Castresana Astarloa lehendakari zela. Bihar, irailak 27, ekitaldi instituzionala egingo da Zaraobeko zelaian (Aiara), eta Aiaraldeko Kuadrillako lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dira. Ekitaldi horren buru Batzar Nagusietako presidentea den Irma Basterra izango da.
2019an, Encina Castresana Astarloak botoen gehiengo osoa lortu zuen, eta Aiaraldeko Kuadrillako lehendakari izendatu zuten; lehendakariorde, berriz, Iñaki Ibarluzea aukeratu zuten. Lau urte hauetan, Aiaraldeko Kuadrillako lehendakari gisa, dedikazioa, ahalegina eta, batez ere, elkarrizketa izan dira nagusi. “Lehendakari izendatu nindutenean, erakunde-mailan esperientzia eskasa nuela aitortu nuen, eta, geroztik, indar politikoen arteko elkarrizketaren alde lan egin dut. Gainera, beti izan dut nire taldearen babesa eta konpromisoa, eta aurrerapen handiak egin ditugu bultzatzea eskatzen zuten esparru eta arloetan”.
Legegintzaldi honetako zenbait proiekturi dagokienez, nabarmentzekoa da Kuadrillaren egoitza Aiarako udalerrian kokatu izana eta lehen urratsak ematea Foru Plana eskatzeko, Aiaraldeko Kuadrillaren egoitzako obrak hasi ahal izateko. Halaber, abian jarri den beste proiektu bat langileak egonkortzeko prozesua izan da, 2024ko abendua baino lehen amaitu beharko dena.
Lehendakaritzan zehar, aurrekontuaren zati handi bat honako hauetara bideratu du: ingurumen-proiektuak eta hondakin-bilketa, gazteria, gizarte-ongizatea, enplegu-plana, euskara eta turismoa bultzatzera, gastronomia eta natura eta guzti. Era berean, legegintzaldian, 2022ko apirilean, ACEVINek, Ardoaren Hirien Espainiako Elkarteak, Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidea Espainiako Ardoaren Ibilbideetan berriz sartzea onartu zuen, ibilbide ziurtatu gisa. Beraz, bultzada handia izan zen enoturismoaren arloan.
Aiaraldeko Kuadrilla guztira 29 batzarkidek osatu dute 2019-2023 Legegintzaldi honetan, eta horietako bakoitza bere udalak izendatu du.
Aiaraldeko Kuadrilla 5 udalerrik (Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondo) eta 35.000 biztanlek osatzen dute. Encina Castresana lehendakaria hamaikagarren legegintzaldi honetan Arabako zazpi kuadrilletan buru dagoen emakume bakarra da.




