Gaur, azaroaren 19an, magia-ikuskizuna euskaraz Artziniegako frontoian, Oliver eta Evaren eskutik. Arratsaldeko 17:30ean izango da. Guztiok magia daukagu!
Azaroaren 20an, ostirala, Euskal-ipuinak antzerkia Okondoko frontoian, arratsaldeko 17:30ean. Eneko asteburu-pasa doa amamaren baserrira. Bertan, bi galtzagorri jator ezagutuko ditu, eta haien laguntzaz, Mariren altxorra aurkituko du Enekok. Zer den jakin nahi? Ez ezazue galdu!
Azaroaren 21ean, larunbata, Urpekakariak bertso-antzerkia Luiaondoko pistan, arratsaldeko 17:00etan. Galtzerdi eta Leotardo igerilekuan topo egin duten lagun bi dira. Ur bazterrean erdi gogaituta daudela, bihurrikeria bat otuko zaie: zergatik ez hondoko tapoia aurkitu eta igerilekua hustu? Eskura dauzkaten gauzekin urperatzeko jantzia prestatu eta isurbidearen bila abiatuko dira beraiek zelatatzen ari den sorosle petralaren begiradapean. Murgilaldian zehar etengabe egingo dute topo beren gorputzekin; bakoitzak berearekin nola, lagunarenarekin edo igerilekuko gainerako erabiltzaileenekin: umeak, helduak, adinduak, aniztasun funtzionala duten igerilariak… Askotariko sentsazioak izango dituzte eta lantzean gogoeta txiki bat egiteko aukera emango die sentitu eta ikusten ari diren guztiak. Hain justu horixe da proiektu honen xedea: modu sotil eta umoretsuan, ikuslerik txikienak beren gorputzei begira jarri eta aniztasunaz, sexualitatez, genero-rolez… hausnar dezaten zirikatzea.
Azaroaren 22an, igandea, Umorea bakarrizketa José Cruz Gurrutxagaren eskutik Amurrioko katekesi-aretoan, arratsaldeko 19:30ean. Ez hutsik egin! Toki mugatuak; iritsi ahala beteko dira.







