Aste honetan sentsibilizazio kanpaina berri bat hasi da ikastetxeetan hondakinen gaikako bilketa sustatzeko, eta bertan hitzaldiak emango dira inguruko ikastetxeetan. Proiektuaren bigarren edizio honetan, aurreko edizioan parte hartu ez zuten eskualdeko hiru ikastetxe ari dira parte hartzen; zehazki, Amurrioko Aresketa Ikastolak, Aiarako Etxaurren Ikastolak eta Laudioko Latiorro Ikastetxeak. Ikastetxe horietan, ontzi arinak, paper-kartoia eta beira gaika biltzeko edukiontzien erabilera egokiari buruzko 8 hezkuntza-ekintza egingo dira guztira.
Hitzaldien helburua da ikasleak kontzientziatzea hondakinak behar bezala bereizteak duen garrantziaz, eta arreta berezia jartzea ontzi arinei, paperari eta kartoiari eta beirari, hondakinak biltzean eta kudeatzean sortzen den ingurumen-inpaktua murrizteko. Informazio-saio horiekin batera, hainbat joko eta material (kartelak, kartak, etab.) egietn dira, kanpaina dinamizatzeko. Halaber, bisitatutako ikastetxeetako patioetan totem batzuk jartzen dira, hitzaldiei edukiontzi bakoitzean onargarriak diren hondakinen lagin zabal batekin laguntzeko.
Aiaraldeko Kuadrillako ingurumen-arloak gidatutako kanpaina honek Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen 2024ko komunikazio-funtsen bidez finantziatzen da.




